XXI. mendeko ardandegia da gurea, 1894 ezkeroztik Irunen errotua. Bertan egin dute lan, hurrenez-hurren, bost belaunaldik, ardoaren eta destilatuen zale amorratuak denak, eta berrikuntzarekin, kalitatearekin eta bezeroarenganako arretarekin arduratuak.
Irungo Kale Nagusia XX. mendeko 10eko hamarkadan.
1894an sortu zen denda hau. Urte hartan erabaki zuen Martin Gaztelumendi kontratistak Irunen, bere jaioterrian, “ardo eta pattar denda bat” zabaltzea. Gaztelumendi etxea jarri zion izena saltokiari. Negozioetarako dohainik ez zuen falta, eta halaxe zabaldu zuen denda kale Nagusiko 8.ean. Ez zen nolanahiko kalea; bertatik igarotzen zen Madril eta Paris arteko Errege Bidea, eta gauza ziurra zen makina bat mugaz gaindiko bidaiari ibiliko zirela dendaren aurretik.
Irungo Kale Nagusia XX. mendeko 10eko hamarkadan.
Martín Gaztelumendi
Enpresari irundarrak, tokiko merkatua ez ezik, mugaz gaindikoa ere jo zuen begiz. Halaxe ekin zion espainiar jatorriko ardoak Frantziara esportatzeari. Aukera paregabea zen; izan ere, Frantziako mahastiak galbidean ziren, filoxera izeneko intsektuak jota, eta Gaztelumendi etxeak ez zion mugaz bestalde saltzeko paradari muzin egingo. Horri esker, urtez-urte, gora egingo zuen Gaztelumendi etxeak Frantzian egindako ardo salmentak.
Martín Gaztelumendi
Ardo-kupelak Urdanibia enparantzan, Frantziara esportatzeko prest, 1917an, Lehen Mundu Gerra garaian (Argazkia: Ricardo Campo)
Gaztelumendi Etxeko bezeroak eta lagunak ospakizun batean (Argazkia: Irungo Udal Artxiboa)
XX. mendeko lehen hamarkadetan, hazkunde garaia bizi izan zuen Gaztelumendi etxeak, eta saltoki berriak zabaltzeko egokieran aurkitu zen laster. Joan-etorri handiko leku eta kaleak zituen gogoko, jendeak bere ardo eta pattarrak ikus zitzan; hala nola muga-pasabideetako tren geltokiak, edota Frantziako mugarekin lotzen ziren nazioarteko zubiak; Abenida zubia, esaterako, 1912an zabaldua, edota Behobiako zubia. Hondarribian ere, denda bat zabaldu zuten, Hori gutxi ez, eta sagardotegia jarri zuten Irunen, herrikoen gozamenerako.
Gaztelumendi Etxeko bezeroak eta lagunak ospakizun batean (Argazkia: Irungo Udal Artxiboa)
Negozioak gora egingo zuen XX. mende hasieran, ospea eta distira hartuta nazioartean; Frantzian, bereziki. Izan ere, Lehen Mundu Gerra atera zelarik eta gatazka giroaren ondorioz, ardo ekoizpena erabat urritu zen, eta Frantziak ardoa inportatzera jo behar izan zuen.
Irun hiriko erdigunea errautsita, 1936ko sutearen ostean. Irudiaren eskuinean, beheko aldean, Gaztelumendi Etxea.
1935ean hil zen Martin Gaztelumendi. Haren alaba Pilarrek hartu zuen negozioaren lekukoa eta hura aurrera ateratzeko ardura; noiz, eta Gerra Zibila ateratzear zela. Irun hiriari dagokionez, gerrak egun gutxi batzuk baino iraun ez bazuen ere, haren ondorioan lazgarriak izan ziren erabat; baita Gaztelumendi sendiarentzat ere. Izan ere, 1936ko irailaren hasieran, Joaquin Solbes Pilarren senarra atxilotu eta fusilatu egin zuten, arrazoi politikoak tarteko. Egun beretsuetan, Irun matxinatuengandik babestu zutenetako batzuek, hiriaren alderdi burgesari su eman, eta dozenaka etxe erre ziren, Gaztelumendiren denda zegoen etxea tartean zela. Pilarrek, alargundu berri, hiru seme-alabak hartu eta Frantziara egin zuen ihes, giroa hobetu arte han gelditzeko asmoz.
Irun hiriko erdigunea errautsita, 1936ko sutearen ostean. Irudiaren eskuinean, beheko aldean, Gaztelumendi Etxea.
1937an itzuli zen Pilar Irunera, seme-alabak ondoan zituela. Egoera lazgarria izanagatik, familia aurrera atera beste helbururik ez, eta aurrera jotzea erabaki zuen Pilarrek, Gaztelumendi etxea berriro zabalduta. Egoera penagarria zen: herrialdea gerran, negozioa erreka jota, eta enpresaren fundatzailea, hilik.
Pilar Gaztelumendi
Pilar Gaztelumendi
Pilar Gaztelumendik hartuko zuen agintea gerra eta gero. Hark bultzatuta zabaldu zuten berriro denda Eliza kalean, hiriko erdigunean. Ezari-ezarian, salmentak hazi, eta garai bateko jarduera berreskuratu zuen etxeak: gora egiten hasiko ziren Frantziako edari eta pattarren inportazioak, eta baita Espainiako ardoen esportazioak ere. Gerra aurretik bezala, Gaztelumendi etxea erreferentzia zen Bidasoa ibaiaz alde banatan.
Hainbat lagun Gaztelumendi etxearen gaineko balkoian
Hainbat lagun Gaztelumendi etxearen gaineko balkoian
Gerraosteko eskasiak atzean utzi, eta sasoi betean zen Gaztelumendi Etxea, garai bateko jarduera komertzial bizia berreskuratuta. Irungo biztanleriak gora egin zuen nabarmen azken urteetan, eta ondorioz bezero berriak hasiko ziren hurbiltzen Pilar Gaztelumendiren ardotegira.
Aduana-agentziek bizi zuten oparoaldia bateko, eta mugako pasabideen gaineko murrizketak pixkana laxatzen hasi izana besteko, handitzera egingo zuen Gaztelumendi etxearen Frantziarekiko merkataritza-trukeak. Ardandegiak ondoko herrialdera egindako esportazioak areagotu, eta bezero berriak etortzen hasiko ziren Frantziatik, bertako ardo eta likoreen kalitateak eta ugaritasunak erakarrita.
Irungo Eliza kalea, Gaztelumendi etxeko sarrera ibilgailu zuriaren aurrean duela (Argazkia: Guilló)
Bezero bat upategi batekin harremanetan jartzeko dokumentia, 1951koa.
Bezero bat upategi batekin harremanetan jartzeko dokumentia, 1951koa.
Ezkerrean: Bezero eta langileak Gaztelumendi Etxeko furgonetaren inguruan; ezkerrean, Mattin Solbes sabai gainean. Eskuinean: Mattin Solbes (bigarrena eskuinetik hasita) eta bezero batzuk, dendaren aurrean.
1960ko hamarkadaren hasieran hirugarren belaunaldia zegoen Gaztelumendik hasitako abenturaren kargu. Mattin Solbes bilobak hartu zuen enpresaren ardura, eta tinko eutsi zion negozioari XX. mendearen amaiera arte. Bere arbasoen lekukoa hartu, eta Irungo Argentina Errepublika kaleko “Martin Gaztelumendiren Biloba” merkatalgunea zabaldu zuen.
Saltokia Udal-merkatuaren aurrean zegoen, eta ehunka bezero hartzen zituen egunero. Denda ezagun hartan erosten zituzten bezero frantses askok kalitatezko ardo eta destilatuak, eta denda hura bilakatu zen, ere bai, Irungo hainbat eta hainbat bezero leialentzako topagune. 1986an hil zen Mattin, zoritxarrez, Iñaki semeak gerora abiatuko zuen negozio modernoa ezagutzeko betarik gabe.
Mattin Solbes hil eta gero, haren seme Iñaki jarri zen enpresako buru, familiaren lekukoa hartuta. 16 urte besterik ez zituen. Eskarmenturik gabe ia, baina ardoarekiko maitasunak bultzatuta, sekulako bultzada eman zion bere aitona Martin Gaztelumendik sorturiko dendari eta ardo salmentari.
Iñaki Solbes ardandegiaren atarian, 80 hamarkadaren amaieran
Aurreraxeago sartu ziren ardo eta likoreen negozioan Iñakiren arrebak: Maria eta Nerea. Guztien lanari esker, beste norabide bat hartu zuen enpresak, produktuetan espezializazio handiagoa lortzeko helburuz. Garai berriekin, berriz, kalitate handiagoa eskatzen zuten bezeroak hasiko dira hurbiltzen, eta, beraz, ardo eta likore are bereziagoak ekartzea deliberatu zuten Solbestarrek, apustu handia eginda.
Iñaki Solbes ardandegiaren atarian, 80 hamarkadaren amaieran
Nerea eta María Solbes denda barnean posatzen
Aldi berean, proiektu berri baten zirriborroa hasi ziren lantzen, helburua, beti ere, maila goreneko artikuluak eskaintzea zela. Ardogintzak eta ardo salmentak bizi izandako berrikuntzaren eraginez, zaharkitzen hasi zen ordura arteko denda kutuna, eta premiazkoa egin zen lokala ez ezik, zerbitzua bera ere berritzea. XXI. Mendeko lehen urteekin bat etorri zen erabateko metamorfosia.
Nerea eta María Solbes denda barnean posatzen
Iñaki eta Miguel Bruno Prats enologoaren ondoan, 2009an.
Iñaki jakitun da saltokia eguneratu beharrean dela, garai berrietara egokitzeko. Miguel Salas bazkide hartu, eta bien artean, herriko denda bat besterik ez zena milaka ardo eta destilatuz hornituriko nazioarteko saltoki global bihurtu zuten. Halaxe zabaldu zuten 2001ean Vinoteca Mendibil saltoki modernoa, baina baita abegitsua, hurbilekoa eta atsegina ere, aspaldiko Gaztelumendi etxea bezalakoa.
Iñaki eta Miguel Bruno Prats enologoaren ondoan, 2009an.
Vinoteca Mendibil saltokiko sarrera, zabaldu eta urte batzuk geroago.
2006an, saltokiaren martxa onak lokal handiago batera mugitzera bultzatu zituen Iñaki eta Miguel, eta gaur egun saltokia dagoen lekura aldatzea erabaki zuten, aurrekotik oso gertu eta Irungo erdigunean beti ere. Mundu zabaletik ekarritako ardoak eta destilatuak dituzte, zeinak Biarritzeko eta Donostiako jatetxe eta tabernetan banatzen baitituzte.
Vinoteca Mendibil saltokiko sarrera, zabaldu eta urte batzuk geroago.
Bezero-kopurua etengabe handitzen ari zela eta, aurrerapauso bat emateko beharrean aurkitu zen Vinoteca Mendibil, produktuaren eta zerbitzuaren kalitateari eutsiko bazion. Hala zabaldu zuen, 2014. urtean, biltegi handi bat eta bulego bat Irungo Zaisa logistika zentroan (Behobia), eta horren ondorioz langile berriak hartu eta banaketa-ibilgailu flota zabaldu.
Garai hartan abiatu zuen Vinoteca Mendibilek gordailu fiskala, Frantziarekiko transakzioak errazteko. Izan ere, Frantziarekiko hartueman komertziala handitzen ari zen apurka. Nazioarteratze horrek, bere aldetik, bultza egin zion Italiako, Frantziako eta Alemaniako upeltegi ospetsuenetatik ekarritako ardoen inportazioari. Horrez gain, Euskal Herritik Kataluniara bitarteko muga-lerroan kokatzen den denda-sarean saltzeari ekin zion Vinoteca Mendibilek, Frantziarekin muga egiten duten puntu horietan dauden saltokietan.
Garai batean Gaztelumendi etxea zena eta gaur egun Vinoteca Mendibil denaren ibilbideak Gipuzkoako Merkataritza Ganberaren saria jaso zuen 2019an: Gipuzkoako Merkataritza Enpresa Onenaren Saria. Zera azpimarratu zuen epaimahaiak: “ardandegiaren kudeaketa-eredua, teknologien ezarpena, Interneten duen presentzia eta posizionamendua eta bere 125 urteko ibilbidean zehar merkatuaren bilakaerarekin egokitzeko gaitasuna”. Horrez gain, “bezeroarenganako orientazioa bere enpresa-politikaren ardatz nagusi” egin izana azpimarratzen zuen epaimahaiak.
Aurrerapauso gehiago eman ditu Vinoteca Mendibilek azken urteetan, bulegoak eta biltegia Irungo gune logistiko batean dagoen pabiloi handi batera eraman baititu. Instalazio moderno horietan ahal izan ditu doitu eta hobetu bere administrazio-kudeaketa, produktuen biltegiratzea eta jaki eta edarien mantentzea.
Azken urteetan areagotu egin ditugu Frantziako merkatuarekiko salerosketak, eta Vinoteca Mendibilek nabarmen areagotu ditu salmentak Bidasoaz bestaldeko jatetxe eta merkatari profesionalen artean.
Salmenta-kanal berrien xerka jardun eta gero, E-Shop bat zabaldu dugu, zeinean bezeroek 2.000 artikulu baino gehiago dituen katalogo zabala eskura baitezakete. Erreferentzia ugari horien artean, Mendibil Vinotekan besterik aurkitzen ahal ez diren ardo eta destilatuak eskaintzen ditu online dendak.
E-shop